12月23日
Abuztuak 21etik ez dut idazten. Ez da ezer esateko ez dudalako, baizik eta gogorik ez dudalako. Gogoa hitz nahiko xelebrea da, nire kasuan borondate faltaren sinonimo izango litzateke, idaztera bultzatzen gaituen barneko botere horren falta. Baina gaur zeozer idaztea erabaki dut. Gaur ez da egun berezia, ez zait aipatzeko ezer pasa, gutxiago idaztekorik; baina halere lerro batzuk jarriko ditut, berritzearren eta noizbehinka nire txoko honetan sartzen direnei denborapasa bat emateko (letra pilo bat bakarrik ikusiko duten arren, ez baitute ezer ulertuko). Eta euskera aukeratu dut isiltasun luze hau apurtzeko. Zergatia bada berezia. Beharbada horregatik idazten dut eta ez besteei mesede bat egiteagatik. Zaila da benetan. Arrazoietako bat kanpoan egonda hizkuntza honen berezitasunaz konturatu naizela izan liteke, eta beraz omenaldi gisara idazki txiki hau erdietsi nahi izan dudala. Baina ez dut uste hau denik arrazoi nagusia. Guzti honen azpian, antzerki guzti honen atzean dagoen indarra da egitan idaztera eta euskeraz idaztera bultzatzen nauena. Ez dut nahi ulertzea. Gutxi batzuek ulertuko naute, baina askok, gehienek, ez. Ta egia esan, ulertuko nautenek ez zaizkit axola, garraio linguistikoa ulertuko dutelako baina ez kontestua, hitzak banaka banaka antzemango dituzte, baina mamia ezin izango dute lortu. Gauza sinplea da... baina ez dakit txarra ala ona den... mezu bat itxaroten egotea, urduri, hain gaitzesgarria da?