Aritz's profilePara-NoiaPhotosBlogLists Tools Help

Blog


    November 30

    Kritikx

    "ABSTENTZIOA: Diktadurak iraungo du obedientziak jarraitzen duen bitartean"
     
    Hau da egun hauetan unibertsitatean ikus daitezkeen ekintza batzuen sustrai teorikoa. Abstentzioa eskatzeaz ez dira nekatzen eta pankarta, panfleto eta hitzaldi bidez behin ta berriz ari dira haien doktrina zabaltzen. Beraiek diotenez, hauteskundeetan partehartzeak (kasu honetan ikasle kontseilu eta errektoretzarako) sistema legitimatzea esan nahi du (kasu honetan Bolognako Tratadua onartzea), beren jokoan sartzea eta beraz boterea aitortzea. Planu politikoan indartsu eta gogotsu agertzen dira, arrazoia alde dutela adieraziz. Halere mundu honetan ez da dena politikan amaitzen (zorionez edo zoritxarrez). Ekonomia izeneko gauza bat ere existitzen da, zeina politika baino garrantzitsua den gaur egun. Beharbada teorian politika ekonomiaren gainetik egongo da, baina praktikan (hainbeste gorroto dituzten marxistek dioten praxisean) ekonomia politikaren jabe da. Testuinguru honetan egonda beraz, ez da arraroa galdetzea ea abstentziogile hauek sistema ekonomikoaren aurkako zerbait egiten duten. Azken finean, parlamentarismoa eta lau urteroko hauteskundeak sistema kapitalistaren (ekonomiaz blai dagoen sistema) parte bat baino ez da; sistema politikoa sistema ekonomikoaren filial bat da, eta berari komeni zaiolako bakarrik dirau (historiak behin eta berriro erakutsi digun bezala kapitalistak demokraziarekin pozik ez zeudenean beste sistema politiko berri bat ezartzen zuten). Ondorioz munstroa buru gabe uzteko ekonomia erasotu behar da indar gehienarekin, sistema politikoa suntsitzeak ez baitu ezer berririk ekarriko. Ekonomilariek beren neurrira egindako beste politika bat sortuko dute. Buelta gaitezen bada "gauza politikoaren" kontra doazenen azterketara, zehazki ekonomiari dagokion arlora. Arlo hau da esan bezala garrantzitsuena eta ondorioz bere aurka joatean sakrifizio gehien eskatzen dituena. Kasu honetan, oro har, ez dugu aurkitzen sistema ekonomikoaren aurkako ekintza zuzenik hitzetatik kanpo, are gehiago, sistema ekonomikoak gizartean sortzen dituen beharren menpe bizi dira haietako asko. Nik ez diot, noski, jateari utzi behar diotela supermerkatu batean erosi baino lehen, baina hain derrigorrezkoak ez diren gauza asko (edo beharrezkoak ez direnak) kontsumitzeari (erabiltzea ez da hitz egokia) utzi beharko liete, beraien ideologiarekin bat joateko behintzat (gutxienez!): hala nola, mobilak, pubetan edatea... eta hainbat eta hainbat behar kapitalista.
    Haietako asko ez irakurtzeaz harro daude (beharbada horregatik ez dira ondorio hauetara heldu edo sistema ekonomikoaren aurka joateak kikiltzen ditu, bere handitasun eta sakrifizio beharra ikusita), haien esanetan inork ez dielako esan behar zer pentsatu edo zer egin (arrazoi berberagatik historia mesprezatzen dute). Hori bai, haien pentsamoldea hedatzeko orduan ez diete muzin egiten panfleto edo beste herraminta "didaktikoak" erabiltzeari eta ez dute deus ere esaten klaseetara doazenean, non pertsona batek ordu ta erdiz hitzegiten duen, bakarrizketa batean lez, inolako eztabaidarik gabe.
     
    Ondorio argi bat ateratzen dugu honetaz guztiaz, egun eta gau diktadura politikoaz ari direnek ez dutela ikusten (edo ez dute ikusi nahi) beste diktadura bortitzagoa eta zorrotzagoa, merkatuaren diktadura, diktadura ekonomikoa. Ez ikuste horrek esklabu bihurtzen ditu, batetik merkatuaren esklabu (bere produktuak erosiz eta bere kontra joan gabe) eta bestetik haien dialektika propioaren eskabu (sistema guztiaren aurka doazela pentsatzen dutelako, horrela ez denean).